PARTIDAREN AURRETIK 33. JARDUNALDIA | Liga erregularreko azkena etxean

Guuk Gipuzkoa Basketek ostiralean 20:30ean jokatuko du HLA Alicanteren aurka Urrezko LEB mailako 33. jardunaldiko partida. Alacanteko taldea azken lau partidetatik bi irabaztetik dator eta sailkapen matematikoa play-offetara ziurtatuta dauka 19 garaipen eta 13 porroteko balantzearekin.

HLA Alicanten Brad Davison antolatzaile estatubatuarra nabarmentzen da: 18 puntu eta 15,3ko balorazioa partidako. Jon Gudmunsson eskolta eta Serigne Barro pibota dira Alacanteko taldearen beste arma garrantzitsuak.

Mikel Odriozolak, aurkariari buruz, honakoa adierazi du: “nahiz eta hil ala biziko partida ez izan, play-offetako beste talde baten aurka ondo lehiatu behar dugu. Gauzak ondo egitetik datorren talde orekatua da, mehatxu handia dute eta defendatu egin behar da. Alicante oso ondo lehiatu da goiko taldeen aurka ”

Taldeak denboraldi amaieran duen egoerari dagokionez, “inkontzienteki play-offean pentsatzen dugu, baina aste honetan kontzentrazioa jarri behar dugu eta ondo egin. Denboraldi hasieratik etxean lehiakorrak izateko helburua dugu”.

Ostiralekoa etxean jokatuko den liga erregularreko azken partida izango da eta taldeak zaleen aurrean ospatu nahi du. Partidak indarrak hartzeko balioko du, hurbiltzen ari den play-off ilusionagarriari begira.

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude