AURREKOA | LEYMA CORUÑA – GUUK GIPUZKOA (Ostirala, 19:00)

Gaur goizean Lolo Encinasek komunikabideekin hitzegin du taldeak bihar Coruñan jokatuko duen playoffetako lehen partida aztertzeko.

Playoffak hasten dira eta taldea biharko partidara begira dago. “Hau da denboraldiko momentu politena. Borroka bat da, ea nork irabazten dituen 3 partida lehen, eta pentsamolde honekin goaz: biharko partida funtsezkoa da, eta ikusiko dugu ea ondo gauden”.

Aurrean Leyma Coruña izango da, liga erregularra hirugarren postuan amaitu zuena 23 garaipen eta 11 porrotekin. “Oso denboraldi ona egin dute eta hirugarren geratu dira oso liga zailean. Bigarren itzulian oso sendoak izan dira, baina badakigu ere oso ondo lehiatu garela euren aurka”. Lolok plantillaren arriskuez ohartarazten du. “Barrueta eta Font bezalako bi super tiratzaile eta Simeunovic eta Lundqvist bezalako bi jokalari oso fisiko dituzte. Diagne oso erabakigarria iruditzen zait defentsan, partida aldatzen dizulako eta esperientzia handiko joko antolatzailea dutelako, Filipovic bezala”.

Azkenik, plantilla osoarekin kontatuko duela berretsi du. “Denok bidaiatuko dugu eta taldea azkenean denok batera entrenatzen ikusteak poz handia ematen dizu eta plus hori izango dugu”.