Klubaren kirol izena Askatuak Gipuzkoa izango da datorren denboralditik aurrera
Horrela, duela hogeita zortzi hilabete hasitako ulermen-prozesua amaitu dute bi erakundeek
Akordioak Askatuak taldearen 50 urteko ondare historikoa eta Gipuzkoa Basketen 25 urteko ondare historikoa batzen ditu
Gipuzkoa Basket eta Askatuak taldeek akordioa lortu dute klub bakarra sortzeko. Klub horren legezko izena ASKATUAK GIPUZKOA BASKET SAD izango litzateke, eta, aldi berean, bere kirol-markak ASKATUAK GIPUZKOA izena hartuko luke datorren denboralditik aurrera.
Akordio hau, Elkar Ulertzeko Memorandum batean jaso eta sinatu da, behin betiko gauzatzeko, hemendik aurrera Gipuzkoa Basketeko Administrazio Kontseiluak eta Askatuak klubaren Batzar Orokorrak berretsi beharko dute.
Aurreikusitako kronograma bete ondoren, ondoriozko kirol-erakunde berria, Askatuak Gipuzkoa, prest egongo litzateke 2026-2027 denboraldian bere izen berria eta kirol-egitura berria estreinatzeko. Kirol-egitura horretan, beheragoko federazio-kategorietan lehiatzen diren egungo Askatuak taldeko taldeen federazio-inskripzioa sartuko litzateke.
Prozesu hau, Askatuak kirol arloa Gipuzkoa Basketen egituran integratuko duena, 2023ko azaroaren 3an hasitako bidearekin koherente izango da. Data horretan, bi erakundeetako presidenteek, Ignacio Nuñezek eta Iñaki Almandozek, lehen akordio bat sinatu zuten, hogeita bi urtez luzatu zen desadostasunari eta Gipuzkoa Basketen jaiotzari amaiera emateko.
Gipuzkoa Basket eta Askatuak taldeen arteko behin betiko bat-egite akordioa orain dela hogeita zortzi hilabete hasitako elkar ulertzearen bidean sakontzeko bi klubek partekatzen duten borondatetik sortu da. Bat dator, halaber, Askatuak taldearen berrogeita hamar urteko historia biziak eta Gipuzkoa Basketek Gipuzkoako saskibaloiaren erreferente gisa egindako hogeita bost urteko ibilbideak utzitako ondare baliotsua klub berrian biltzeko asmo komunarekin.
Bi klubak konbentzituta daude integrazio-akordio honek lurraldearen kirol- eta gizarte-kohesioaren aldeko ahalegin eskuzabalaren adibide dela, Gipuzkoako saskibaloia bere osotasunean indartzen laguntzen duela eta Gipuzkoan kirola sustatzeko erakundeek egiten duten ahaleginaren garrantzia azpimarratzen duela.

0 iruzkin