ACUNSA GIPUZKOA BASKET – BASQUET GIRONA (18:00)

Acunsa Gipuzkoa Basketek Basquet Gironaren aurka jokatuko du igande honetan Illunben, Urrezko LEB Ligako bederatzigarren jardunaldian.

Lolo Encinasen taldea hirugarren garaipenaren bila jarraian joango da illunben, iragan astean Palentzian izandako porrota ahazteko. Lolok taldea iganderako nola dagoen azaldu du, azken porrotaren ondoren. “Lehen egunean pixka bat jota geunden, baina orain ondo gaude. Aste hasieran Palentzian izan genituen akats guztiak ikusi genituen, eta gero entrenamendu onak egin ditugu. Horrek, gazteen laguntzarekin, plus bat ematen digu, eta orain astea ondo amaitzea geratzen zaigu”. Minutu onak izan zituztela ere argi utzi du, baina amaieran izan zuten akats sortak partida erabaki zutela.

Aurrean Basquet Girona egongo da. Katalanek galdu zuten Leyma Coruñaren aurka (68-80), eta horrek Carles Marco entrenatzailea kargutik kentzea ekarri du. “Pena ematen dit Carles Marco bezalako kide bat gure aurka jokatzera ez etortzeak”. Gainera, Lolok aldaketa espero du jokalariengan, “bolada txarrean daude, baina aldaketa espero dut jokalariengan, entrenatzaile berria baitute. Baina garrantzitsuagoa iruditzen zait gu nola gauden; horretarako, hasiera-hasieratik partidan sartuta egotea bilatuko dugu”. Aurkaria aztertuta, Lolok esan du bere “indargunea” erasoko errebotea dela. “Esperientzia handiko bi oinarri dituzte: Josep Franch eta Albert Sabat. Vecvagars ere badute, kanpoko saskiratzailea, eta beteranoen eta talentu handiko gazteen arteko nahasketa bat dute, arriskutsuak egiten dituena”.

Azkenik, taldea ikustera Illunbera joan eta Reale Arenara Reala animatzera jaisteko asmoa aipatu du. “Lehenik eta behin, hemen irabazi nahi dut, eta gero, Aitor Zabaleta harmailera jaitsi, Reala ikustera. Bi garaipen ikusi nahi nituzke”.