ACUNSA GIPUZKOA BASKET – UNICAJA BANCO OVIEDO (19:30)

Acunsa Gipuzkoak Unicaja Banco Oviedoren aurka jokatuko du bihar Illunben.

Lolo Encinasen taldeak egoerari buelta eman nahi dio, “irabazi nahi dugu, azkenean lau porrot jaso ditugu eta apur bat gogorra egiten ari da. Irabazi egin nahi dugu, batez ere, etxean delako eta irabazteko gogoa dugulako. Lehiatu eta garaipena ateratzen saiatu behar dugu, nik Gironako bigarren zatiko taldea ikusi nahi dut, hemen egunerokoan ikusten dudan bezala. Gutxienez ondo lehiatzea amaierara arte”.

Aurrean Unicaja Banco Oviedo izango da, sailkapeneko seigarren postuan dagoena, 15 garaipen eta 11 porrotekin. Natxo Lezkanoren taldea Leyma Coruñaren aurkako partida irabaztetik dator. Bihar Illunbe bisitatuko duen taldea ez da lehen itzulian jokatu zuen bera, ”taldea asko aldatu dute, ez da lehen itzulian ikusi genuen taldea, saskiratze aukera gehiago dituzte. Taldekako defentsa ona egin behar dugu partidan egoteko”. Lolok horrela aztertzen zuen Oviedo “fisikoa dute eta oso ondo lehiatzen dira. Duten guztiari etekin handiena ateratzen diote eta oso ondo aprobetxatzen ari dira. Oso ondo lehiatzen dira eta partida asko atera dituzte azken minutuetan”.