
13 Apr COVIRÁN GRANADA – ACUNSA GIPUZKOA BASKET (71-75)
Acunsa Gipuzkoak liderraren etxean lortzen du garaipena
21 . jardunaldiko atzeratutako partida Granadan hasten zen, saskiratze trukearekin, 2-2. Etxeko taldeak hartzen zuen lehen abantaila 10-0ko partzialarekin, 12-2 (2. min). Acunsa Gipuzkoak etxeko bolada etentzen zuen jaurtiketa libreen lerrotik, 12-7 (3. min). Saskiratze trukeak Acunsa Gipuzkoa markagailua estutzen zuen ondorengo minutuetan, 17-11 (5. min). Acunsa Gipuzkoaren partziala 0-5ekoa zen eta distantzia 3 puntutan uzten zuen, 19-16 (7. min). Proletaren bi gehi batek berdintzen zuen markagailua 19ra. Acunsa Gipuzkoaren erreakzio ona laurdenaren azken txanpan 0-12ko partzialarekin aurretik jartzen zuen 19-23 (8. min). Laurdena abantaila txiki batekin bukatzen zuen Acunsa Gipuzkoak, 22-25.
Bigarren laurdena Mallersen hirukoarekin hasten zen Acunsa Gipuzkoari markagailuan abantaila handiena emateko, 22-28. Bi taldeek defentsa onak egiten zituzten eta Acunsa Gipuzkoa aurretik mantentzen zen, 26-30 (14. min). Granada 3 puntura hurbiltzen zen, baina Acunsa Gipuzkoak Steinarssonen hiruko batekin erantzuten zuen, 30-36. Delasek saskiratzen zuen markagailuan alde handiagoa jartzeko, 30-38 (18. min). Aldea handitzen jarraitzen zuen Loloren taldeak Bartonen hiruko batekin, 32-41 (19. min). Granadaren saskiratzearekin iristen zen atsedenaldia, 34-41.
Hirugarren laurdena saski-trukearekin hasten zen. Orduan Granadak erreakzionatzen zuen eta 6-0ko partzialarekin markagailuaren aldea puntu batean uzten zuen, 42-43 (22. min). Partziala 9-0koa zen eta markagailuari buelta ematen zion etxeko taldea, 45-43 (24. min). Markagailua berdinduta zuten bi taldeek jaurtiketa libreen trukearen ondoren, 47-47 (25. min). Etxeko taldea markagailuan alde egiten saiatzen zen, baina Acunsa Gipuzkoa gertu mantentzen zen, 52-51 (27. min). Steinarsson aldageletara joaten zen kolpe baten ondoren, eta Granadak abantaila hartzen zuen markagailuan, 58-51. Azken minutuan Proletak hiruko bat sartzen zuen eta Motosek kontraerasoan saskiratzen zuen, 58-56.
Simonsen saskiratze batekin hasten zen azken laurdena, 58 puntura berdinduz. Acunsa Gipuzkoak hobeto hasten zuen laurdena, 60-63 (32. min). Orain Granada zen 4 punturekin jarraian erantzuten zuena, 64-63 (34. min). Oraingoan partziala Acunsa Gipuzkoarena zen, 0-6, bisitariak 5 gora jartzen zituena, 64-69 (36. minutua). Granadak markagailuan hurbiltzen jarraitzen zuen eta Acunsa Gipuzkoa azken minutua 2 puntuko abantailarekin hartzen zuen, 69-71. Simonsek jaurtiketa libretik saskiratzen zuen eta Acunsa Gipuzkoak liderraren etxean lortzen zuen garaipena, 71-75.