Liga erregularreko azken-aurreko jardunaldia hasten zen Alacanten, Nurgerren saskiraketarekin. Norgehiagokaren hasierak agerian uzten zuen bi taldeek sailkapenean zuten berdintasuna ez zela kasualitatea, saskiratzeak etengabe trukatuz markagailua berdinduta mantentzen baitzen, 15-15 (5. min). Guuk Gipuzkoa berotzen hasten zen 6,75etik, hiru saskiratze jarraian lortuz, bi Jaworskik eta bat Anderrek, 6 puntuko abantaila hartzeko, 22-28 (8. min). Lolo Encinasen taldearen partziala 1-11koa izan zen eta lehen laurdena 10 puntuko abantailarekin bukatzen zuen, 23-33.
Bigarren laurdena hiruko jaurtiketatik oso ondo hasten zuen Alacantek, aldea 5ra murriztuz, 32-37 (12. min). Oroz, Zubizarreta eta Jaworskik, Guuk Gipuzkoaren markagailuko abantaila berreskuratzen zuten, 32-45 (15. min). Alacantek 7 puntu jarraian lortzen zituen markagailuan 6ko aldea jartzeko, 39-45 (17. min). Nurgerrek eta Jaworskik puntuak lortu arren, Alacantek markagailua iraultzen jarraitzen zuen eta 2 puntura jartzen zen, 47-49 (19. min). Hiruko jaurtiketatik Alacantek buelta ematen zion markagailuari eta atsedenaldira bat gora joaten zen, 50-49.
Bikaon bueltatzen zen Guuk Gipuzkoa aldageletatik, Jaworskiren bi jaurtiketa libreekin, Berazaren hiruko batekin eta Nurgerren saskiratze batekin 6 gora jartzeko, 50-56 (22. min). Gipuzkoarren hasierako partziala 0-11koa zen eta berriz ere 10 gora jartzen zen, 50-60 (24. min). Guuk Gipuzkoa oso serio batek defentsan ez zion punturik ematen Alacanti, 7 minututan 2 jaurtiketa libre bakarrik sartzen baitzituen, 52-65. Sollazzo eta Zubizarretaren artean 10 puntu baino gehiagoko errentarekin mantentzen zuten taldea hirugarren laurdenaren amaieran, 57-69.
Azken laurdenari hobeto ekiten zion Alacantek, 9-1eko partzialarekin 4 puntura hurbiltzen baitzen, 66-70 (32. min). Erantzuna Jaworski eta Sollazzoren eskuetatik iristen zen 9 puntuko aldea itzultzeko Guuk Gipuzkoari, 66-75 (35. min). Alacantek ez zuen amore ematen eta markagailua estutzen zuen 2 puntura hurbiltzen, 75-77 (38. min). Azken kolpeen trukea Jaworskirekin jaurtiketa libretik saskiratuz eta neurketa bi gora amaituz, 79-81. Horrela, Guuk Gipuzkoak playoffetarako txartela ixten zuen eta zortzigarren postua ziurtatzen zuen.
0 iruzkin