KRONIKA 11. JARDUNALDIA | Garaipen erraldoia Logroñon goian jarraitzeko

Garaipen handia lortu du Guuk Gipuzkoa Basketek Logroñoko Kirol Jauregian. Odriozolak zuzentzen duen taldeak 56-76 irabazi du eta 8 garaipenekin jartzen da sailkapenean. Taldeak zale gipuzkoar ugari izan ditu harmailetan.

Partida nagusitasunez hasi dute Mikel Odriozolaren mutilek. Lehen laurdenaren erdialdean 6-12 jarri dute markagailua. Mads eta Barcelloren hirukoek lagundu dute urdinen saskiratze lanean. Hurrengo minutuetan etxekoak suspertu egin dira eta aldea murriztea lortu dute, baina ez da nahikoa izan eta azkenean 13-18 partzialaren amaieran.

Bigarren laurdena Guuk Gipuzkoa Basketen alde hasi da Mikel Motosek sartutako 2+1ekoarekin. Sentsazioak ez ziren onak lokalentzat, eta denbora eskatu behar izan dute egoera bideratzen saiatzeko. 5 minuturen faltan aldea 13 puntukoa zen bisitarientzat (15-28), oso eroso baitzeuden kantxan. Guuk Gipuzkoa Basketek gero eta errenta handiagoa zuen, defentsan zein erasoan oso ondo jokatzen ari zelako. Atsedenaldian, 22-36.

Hirugarren laurdena hobeto hasi da Clavijorentzat, lehen zatian izan ez duen zortea aurkitu baitu, bi hiruko jarraian sartu baititu. 5:42ren faltan emaitza 35-44koa zen. Etxekoek konfiantza hartu dute eta markagailuko aldea murrizten jarraitu dute Mikel Odriozolak hutsartea eskatu duen arte. Rioverde Clavijo 4 puntura jarri da 0:44ren faltan eta urduritasuna areagotzen ari zen. Odriozolaren taldea zauria estaltzeko gai izan da, eta azkenean 45-50.

Rioverde Clavijok oso indartsu ekin dio azken laurdenari, eta bat behera jarri da. 7:04ren faltan, distantzia hiru puntukoa baino ez zen. Hala ere, Aurrecoecheak, Motosek eta Manexek 51-58ko aldea lortu dute 5:30en faltan. Hurrengo minutuetan lortutako 2-13ko partzialak erabaki du partida gipuzkoarren alde eta azkenean 56-76. Garaipena!

Hurrengo erronka Angulas Aguinaga Arenan izango da. igandean 17:00etan taldeak Leyma Coruñaren aurka jokatuko du. Denok behar zaituztegu taldeari laguntzeko. Goazen Guuk Gipuzkoa Basket!

0 iruzkinak

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude