KRONIKA 24. JARDUNALDIA | Partida itzela eta amets egiteko baimena

Ikusgarria. Sinestezina. Zoragarria. Ez dago kalifikatzailerik gaur Guuk Gipuzkoa Basketek Leyma Coruña lider handiaren aurka jokatu duen partida erraldoia deskribatzeko. 67-84.

Partida modu ikusgarrian hasi du Guuk Gipuzkoa Basketek, 0-10eko ezusteko partzialarekin, Xabi Orozek sartutako bi hirukoekin eta Vrankicen eta Barcelloren hainbat saskiratzerekin. Sentsazioak onak ziren eta Odriozolaren mutilak ausartak ziren kantxan, etxekoei partidan sartzea kostatzen ari zitzaien bitartean. Hala ere, neurketa ez zen batere erraza izango, Leyma Coruña oso saskiratze handiko taldea baita eta denbora tarte txikian bere markagailua erraz handitu baitezake. 5 behera lehen 10 minutuen amaieran. 18-23.

Bigarren laurdena ez da lehenengoa bezain eraginkorra hasi, urdinen hiru eraso okerren ostean. Halere, Mikel Motos bikain batek zuzentzen zuen taldea eta Manexen hiruko batek markagailua estreinatu zuen bigarren laurdenean. Partzialeko lau minutu jokatuta, albiste bikaina izan da Aitor Zubizarretaren kntxara itzulera, sorbaldan sei hilabeteko lesioa izan ondoren. Eraso erratu askoren ondoren, Vrankic eta Barcelloren bi hirukok aldea jari dute bi taldeen artean. Atsedenaldian, 31-37.

Atsedenaldiaren ostean, Leyma izan da partidaren erritmoa markatu duena, eta lehen 4 minutuak 11-3ko partzialarekin izan dira, markagailuari buelta emanez lehen aldiz (42-40). Hala ere, Guuk Gipuzkoa Basketek ez zion partidari aurpegia galdu nahi, eta Josip Vrankic saskiratzaile bikain bat ari zen hori lortzen, minutu bat pasatxoan sei puntu segidan lortuta. Lau minuturen faltan 0-12ko partzial batek 10 goitik jarri ditu gipuzkoarrak. Bazirudien arrakala hor geratuko zela, baina partziala 1-17koa izan da momentu batean. 10 minutu falta zirenean, 50-62.

Azken laurdenaren hasiera izugarria izan da. 0-7 Guuk Gipuzkoa Basketentzat eta +19ko aldea jarri da urdinentzat. Leyma Coruña saiatzen ari zen, baina Odriozolaren mutilek saskiratzen jarraitzen zuten eta aldea +18koa izaten ari zen momentu oro bisitarientzat. Hala ere, denbora ez zihoan azkar eta etxekoak saskiratzen eta markagailuan puntuak murrizten hasi ziren. Bi minutu eta erdi falta zirenean aldea 10 puntukoa zen, baina bisitarien bi hirukok jarraian 65-83koa jarri dute 1:15en faltan. Azkenean, garaipen handia, 67-84.

Ez dago atsedenerako astirik. Igandean, partida oso garrantzitsua etxean Lleidaren aurka 17:00etan. Talde honek zeresan handia izango du eta zaleek lagundu egin behar dute bide honetan. GOAZEN GUUK GIPUZKOA BASKET.

KONTSULTATU HEMEN PARTIDAKO ESTADISTIKAK

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude