Guuk Gipuzkoa Basketek porrot argia jaso du Fuenlabradaren kantxan. Taldeak 81-71 galdu du.
Partida oso ondo hasi zen etxekoentzat. Eroso zeuden kantxan eta nagusi izaten ari ziren hasierako minutuetan. Izan ere, partidako 5. minutuan emaitza 16-6koa zen. Guuk Gipuzkoa Basket ez zegoen ondo erasoan, paseak ez zituen ondo egiten eta baloia ez zen uztaipean sartzen. Gainera, etxekoek erraz egiten zituzten eraso guztiak. Lehen laurdenaren amaieran, 27-12.
Bigarren laurdena lehenengoaren dinamika berarekin hasi zen. Fuenlabrada nagusi eta Guuk Gipuzkoa Basketek ezin zuen aldea murriztu markagailuan. Bisitariek lau puntu jarraian lortu ondoren, Toni Ten partida gelditzera behartuta zegoen, eta onuragarria izango zitzaion bere taldeari, izan ere, ondoren etxekoen nagusitasunak jarraitu zuen. Atsedenaldian 50-32.
Atsedenaldiaren ondoren, bazirudien ezer ez zela aldatuko. Fuenlabrada bikoak eta hirukoak ari zen sartzen eta ez zegoen aldea murrizteko modurik. Hirugarren laurdenaren erdialdean aldea 21 puntukoa zen etxekoen alde (58-37). Ivan Aurrecoecheak saiatzen zuen eta diferentzia laburragoa zen, baina tarte luzea geratzen zen oraindik. Hiru minututan aldea 12 puntura murriztu zen (60-48). Azken 10 minutuen faltan, 67-52.
Azken laurdenaren hasieran saskiraketak bata bestearen atzetik zetozen bi aldeetatik eta Motosen hiruko batek bisitarien itxaropenak elikatzen zituen. Aldea nabarmen murriztu zen, eta 4:30en faltan aldea 6 puntukoa zen. Guuk Gipuzkoa Basket azken unera arte saiatu da, baina ez da posible izan. Azkenean, 81-71.
Hurrengo partida liga erregularreko azkena izango da etxean. Taldeak HLA Alacanten aurka jokatuko du datorren ostiraleko 20:30etan.
0 iruzkin