Aitor Zubizarreta joko-antolatzaile azpeitiarra lehen aldiz agertu da bere lesioaren ostean klubeko kameren aurrean. Taldearen kirol egoera aztertu du eta bere egoera pertsonalari buruz hitz egin du. Elkarrizketa osoa klubaren YouTube kanalean dago ikusgai.
Taldeak denboraldi hasieran izan duen dinamikari dagokionez, Zubizarreta pozik agertu da. “Egia da denboraldia hasi berria dela, baina taldea oso ondo ikusten dut. Lehenengo egunetik gaurdaino taldearen hobekuntza nabarmena nabaritzen dut eta jokalari berriak zein staff teknikoko kide berriak ondo moldatzen ari dira”.
Azpeitiarrak balio handia ematen dio etxeko jokalarien oinarri sendoa izateari: “Oso talde gutxik dute ideia hori LEB Oro bezalako liga batean, eta hemen ideia hori errespetatzeak eta indartzeak asko esan nahi du. Estatu mailan talde askok ia ez dute etxeko jokalaririk, eta hori nabari da taldeetan. Guk hemen duguna oso leku gutxitan ikusten da, eta gozamena da”.
Bere egoerari buruz, lesioa “oso ondo” doala esan du. Kantxara bueltatzeko denbora geratzen den arren, “dagoeneko entrenamendu ezberdinak egiteko gai naiz, eta entrenatzea asko gustatzen zaidanez pozik nago”. Antolatzailea oraindik ez da ausartzen itzulerako data iragartzera, “espero baino lehenago izan daiteke, baina baita geroago ere”, baina azpimarratu du talde teknikoak konfiantza handia transmititzen ari diola eta “astez aste” prestatzen ari dituztela entrenamenduak.
Psikologikoki indartsua izateak horrelako egoerei aurre egiteko duen garrantziaz hitz egiteko denbora ere izan du Zubizarretak. Mentalki sano egoteko, saskibaloia alde batera utzi eta beste hobbie batzuekin disfrutatzea laguntzen duela esan du. “Argazkilaritza eta diseinu grafikoa gustatzen zaizkit, gauza horiek egitea gustatzen zait. Horrela, saskibaloitik burua aldentzen dut eta beste gauza batzuekin dibertitzen naiz “.
Taldeko 6a baikorra da denboraldi amaierarako: “Itxaropentsu nago taldearekin, astez aste erakusten ari garelako zer lan egiten ari garen eta zer hobekuntza dagoen”. Oso gustura nago ikusten ari naizenarekin”.
0 iruzkin