Ander Martinez hegaleko madrildarra klubeko kameren aurrean agertu da aste honetan, taldearen egoera aztertzeko eta Guuk Gipuzkoa Basketen bere hirugarren denboraldiko egoera pertsonalaz hitz egiteko. Elkarrizketa osoa YouTubeko kanalean ikus daiteke.
Taldeak denboraldi hasieran izan duen dinamikari buruz, Ander pozik agertu da. “Taldea oso ondo ikusten dut. Talde lehiakorra gara, oso porrokatua, eta ondo jokatzen ari gara. Nik kanpotik ikusi dut polita dela taldea jokatzen ikustea”.
Madrildarrak positibotzat jo du beste denboraldietatik mantentzen diren jokalarien oinarria izatea, eta nabarmendu du “egia” dela “urte batzuk hemen daramatzagunok konfiantza handiagoa dugula gure artean eta gehiago ezagutzen dugula elkar, baina ez da alde handirik nabaritzen berriak direnen eta lehendik zeudenen artean”. Etorri berrien artean, Ivan Aurrecoechearen kasua nabarmentzen da, Anderren aspaldiko ezaguna: “Ivan eta biok Madrilgoak eta urte berekoak gara, eta argazkiren bat ere badugu zortzi urterekin kontra jokatzen. Bizitza osoa elkarren aurka jokatu dugu eta oso harreman ona dugu”.
Bere egoerari buruz, lesioa “uste baino luzeagoa” izan dela esan du, baina “orain denboraldi hasieran sendatzeko tarte handiagoa” dagoela azpimarratu du. “Ondo nago” zioen Anderrek, baina ez du ahazten “pixkanaka” joan behar duen prozesua dela.
Hegalekoak saskibaloian jokatzeaz gain lan egiten du, eta horren inguruan ere hitz egin du elkarrizketan. “Datuak aztertzeko enpresa batean astean ordu batzuk egiten ari naiz. Ni ingeniari industriala naiz eta horrela dena bateragarri egiteko formula bat lortzen ari naiz. Nik beti ikasi izan dut, eta arraroa ere egiten zitzaidan saskibaloian bakarrik egotea”. Gainera, bere egoera pertsonalari buruz esan duenez, “oso pozik eta oso finkatuta” dago Gipuzkoan.
Azkenik, Anderrek mezua bidali die zaleei igande honetan 17:00etan Leyma Coruñaren aurka jokatuko duten partidari begira, non hirugarrena eta bosgarrena izango diren aurkari. “Talde oso on bat dator, baina orain arte etxean galdu gabe egon gara. Jendea Angulas Aguinaga Arenara igotzera animatzen dut, partidaren bila joango garelako”.
0 iruzkin