Gaur goizean Adam Sollazzok eta Aitor Zubizarretak Final Four-a eta larunbatean Hereda San Pablo Burgosen aurka jokatuko duten partida aztertu dituzte.
Sollazzok taldea Final Four-a jokatzeko gogotsu dagoela azaldu du. “Taldea ondo ari da, ez gaude urduri, motibatuta baizik. Gose den eta defentsan oso ona den talde bat ikusiko duzue, baina garrantzitsuena talde bat eta familia bat garela da”. Aurkariak etxean jokatzen du eta faboritoa da, baina Adamek ez dio garrantzirik ematen, “ez dakit faboritoak izatearen presioa sentituko duten. Uste dut Final Four-era iristen zarenean presiora ohitzen zarela. Uste dut haiek eta guk emozio asko izango ditugula, euren zaleen eta gure zaleen aurrean jokatuko baitugu”.
Gainera, zein izan daitekeen taldearen gakoa neurketan zehaztu du, “Gure jokoaren gakoa, batez ere, defentsan dago. 40 minutuko defentsa ona jokatu nahi dugu eta gero erasoan dena arinago joango da”.
Bestalde, Zubizarretak Lauko Final hau aukera bikaina dela esan du. “Oso aukera polita da eta denboraldiko oparia. Astean zehar lan ona egin dugula uste dut eta prest gaude”. Badaki ez dela partida erraza izango eta ez dutela Jaworski izango. “Partida zaila izango da, badakigu noren aurka jokatzen dugun eta zer dugun jokoan. Final Four bat da, Justinekin edo Justin gabe partida zaila izango da eta ez dugu horretan asko pentsatzen. Plantilla osoak pauso bat aurrera egiteko unea da, eta gugan, taldekideengan eta staff-ean sinesten dugu, baita partida nola prestatzen ari garen ere”.
Taldea prest dago. “Normalean ACBtik jaitsi ohi diren klubek presio handiagoa izaten dute faboritismo horrengatik. Gu geurean zentratuta gaude eta haiek egin behar dutena aztertuko dute eta horrela izango da”.
Azkenik, Burgosera joango diren zaleei mezu bat bidali die. “Saia daitezela ahalik eta oihu gehien egiten, Burgoseko zaleez beteta egongo baita, baina hor egongo direnei eskertu egin behar zaie, eta eskerrak eman urtean zehar Angulas Aguinaga Arenara etorri den jendeari”.
0 iruzkin