MEDIA DAY – MIKEL MOTOS

Gaur goizean Mikel Motosek komunikabidekin hitz egin du Media Day-an. Taldeak egun libre batzuk izan ditu FIBA leihoen geldialdia dela eta, “Ondo etorri da deskonektatzeko, denboraldi laurden bat igaro da eta aste honetan beste gauza batzuk landu eta burua freskatu dugu”.

Acunsa Gipuzkoak berriro ekingo dio txapelketari igande honetan Oviedon, “Oviedoren aurkako partida gogorra izango da, gogorrak dira, saskibaloi ona jokatzen ari dira, Pumarinen irabaztea oso zaila da. Partida serio bat jokatu behar dugu. Aurrera egiten jarrai dezakegu, partida ona egin eta garaipena lortu”.

Txapelketaren lehen laurdena igarota, Motosen balantzea positiboa da, “Taldea goranzko bidean dago eta oraindik hobetzeko tarte handia dugu, ez 5/4ko emaitzengatik, taldeak ematen dituen sentsazioengatik baizik. Partiduetan izaten ditugun itzalaldiekin argi dago hobetzeko tarte handi samarra dugula”.

Nahiz eta itzalaldiak izan taldeak atzean ondo dagoenean eta hirukoak sartzen dituenean ikuskizun bikaina eskaintzen du “Nik ordainduko nuke erregulartasun gehiago eta estasi gutxiago edukitzeagatik. Erregulartasuna bilatu behar dugu, gure artean egunero gehiago konektatu behar dugu eta batez ere defentsan, defentsan deskonektatuta gaudenean erasoan zentzurik gabe jokatzen dugu”.

Arlo pertsonalari dagokionez, iazko denboraldian urte gogorra izan ondoren, honako hau komentatu du, “Lehen bi hilabeteetan emozionalki nahiko gaizki egon naiz, joan den denboraldian urte gogorra izateak oxidazio sentsazioa utzi zidan, lehiatzeko sentsaziorik izan ez nuelako. Aurten erantzukizun handiagoa dut, Xabi Oroz lesionatuta dagoelako eta kapitaintza hartu dudalako. Berregokitze aldi bat izan da. Lolok konfiantza handia ematen ari zait, taldekideek errespetu handia didate eta ez dut nire bertsiorik onena beste leku batean jokatu nahi, Donostian nago, nire etxean, Gipuzkoa Basketen eta hemen gustura nago”.