MEDIA DAY – XABI BERAZA

Gaur arratsaldean, Xabi Berazak komunikabideen galderak erantzun ditu Illunbeko prentsa aretoan.

Taldea garaipenaren bidera itzuli zen iragan ostegunean Illunben Oviedoren aurka, “zalantzarik gabe taldea lanean ondo ari dela erakusten duen garaipena zen. Aurreko partidak berdin ari ginen lanean, baina balantza ez zen gure alde erortzen. Garaipen garrantzitsua da, eta animo ikaragarria ematen digu”.

Hilabete zaila iritsi da Acunsa Gipzukoarentzat, hiru irteera egin baititu ligako lehen hiruren aurka. “Hasieran zaila zen, 0tik gentozen denok, ia inork ez zuen ezagutzen Lolo entrenatzaile gisa, joko-sistema, eta, azkenean, entrenatzearen eta praktikatzearen bidez, gehiago ezagutzen dugu elkar, jokatu nahi dugun joko-estiloa ezagutzen ari gara. Agian zuek ez duzue pistan ikusten, baina guk entrenamenduetan ikusten dugu. Sentsazioa desberdina da, eta, zalantzarik gabe, horrek aukera ematen digu aurre egiteko eta aurretik datorren edozein talderi irabazteko, ez baitira hiru horiek bakarrik, Melilla ere talde arriskutsua da, eta geratzen zaizkigun guztiak ere bai”.

Maila pertsonalean Beraza erronkaz beteriko denboraldia izaten ari da, “gauzak ez dira agian mundu guztiak espero bezala ateratzen ari, baina nire lehen urtea da ligan, oraindik egokitze aldian nago, berandu sartu naiz taldean osasun arazoengatik, lesioak izan ditut, covid… denboraldi zaila da, eta ez dut uste maila indibidualean gaizki joaten ari naizenik. Beti hobetu daiteke, pozik nago doan bezala”.