NEKANE ARZALLUSEN AGURRA

“Lau urte igaro dira Gipuzkoa Basket-en abenturarekin bat egin nuenetik; ilusioz eta arduraz, presidentetzaren erronka nire gain hartu nuenetik.  Geroztik burututako bidaiak nekez ahaztuko ditudan uneak bizitzeko aukera eman dit eta, batez ere, pertsona eta zuzendaritzako kide gisa hazteko eta ikasteko parada.

Finkatzen ditugun helburu guztiak betetzea ez da posible, guztiok dakigu hori. Hala ere, uste dut zuzendaritza ardurak ditugunoi eskakizun zorrotzenak ezarri behar zaizkigula, gure ahalmen eta ahalegin denak helburu horiek betetzera bideratu ditzagun. Horretan saiatu naiz azken lau urteotan. Une zoragarriak bizi izan ditut zuekin batera, egun gogorrak ere izan ditugu. Eta une oro nire lehentasuna izan da klubarentzat bidezko eta onuragarria izango ez zen erabakirik ez hartzea. Erabaki denak zuzenak izan direla esatea egiari uko egitea izango litzateke, ez baitago hutsik egiten ez duenik. Hori ez onartzea, gainera, gu guztion gainetik dagoen entitatearekiko errespetu falta izango litzateke. Izan ere, gutariko zenbaitek une baterako kluba ordezkatzeko ohorea izan dugun arren, erakundeak du benetako garrantzia.

Ohore eta ardura hori izan dudan boladan, saiatu naiz kluba Gipuzkako gizartera zabaltzen; gure ikusgarritasuna klub gisa edo beste entitate batzuekin elkarlanean garatu ditugun kanpainen zerbitzura jartzen; jokalekuan, eta hortik kanpo, sinesten dugun eta sustatu nahi ditugun balioak defendatzen…

Hori guztia egin dut jakinik GBC-ren familia zabaleko kide naizela, nire ekarpena batuz gainerako kideen ekarpenei: profesional bikainak, klubak duen aktiborik garrantzitsuena direnak; sekulako eskuzabaltasunez igandeak mirari bilakatzen dituzten boluntarioak; horren harro sentiarazi nauten eta beti, une onetan eta txarretan, taldearekin dauden zaleak; administrazio kontseiluko kideak, haiekin partekatu baititut batik bat lana, kezkak eta ilusioak… Eskaini didazuen babesa eta egiten duten lan eskerga ez ezik, lau urtez ahalegin partekatu honen zati izateko aukera eman izana eskertu nahi dizuet guztiei.

Esker oneko hitzak baino ez ditut, halaber, klub bezala handitzeko ezinbestekoa dugun egonkortasun ekonomikoa bermatu diguten erakundeentzat; proiektuan sinestu eta sinesten duten enpresa babesle eta laguntzaileentzat. Zuen babesa laguntza ekonomikoa baino askoz haragokoa da… Ezin ditut ahaztu, era berean, bide honetan ezagutu ditudan eta bidaide izan diren klub, entitate eta erakundeak, ezta hedabide eta kazetariak ere… Denak zarete aurrerantzean ere bultzatzen eta kide izaten jarraituko dudan familia honetako kide. Guztiei eman nahi dizkizuet eskerrak, guztiek sentiarazi didazuelako zuen konfiantza eta adeitasuna, eta guztiengandik jaso ditudalako balio handiko irakaspenak.

Jakin badakit aurrerantzean taldeari zein Nachoren zuzendaritzapeko klubari nik, pertsonalki, une oro sentitu dudan babesa eskaintzen jarraituko duzuela. Benetako garrantzia proiektuak duelako eta ez, une batez, hori ordezkatzeko ohorea izan dugun pertsonok”.

NEKANE ARZALLUS

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude