PALMER ALMA MEDITERRÁNEA PALMA – ACUNSA GIPUZKOA BASKET (12:00)

Acunsa Gipuzkoak Palmer Alma Mediterránea Palma bisitatuko du igande eguerdian.

Lolo Encinasen taldeak lau egunetan etxetik kanpo jokatuko duen bi partidetako lehena izango du igandean, Illunben Coruñaren aurka lortutako garaipenaren ostean, “aste normala izan dugu, ea partida ona egiteko gai garen, defentsa-mailari eusten diogun eta aurrekoan baino gehiago saskiratzea lortzen dugun”. Lolok iragarri du Motos asteko entrenamenduetan sartu ahal izan dela eta seguruena 11 jokalariekin Palmara bidaiatu ahal izango duela.

Aurrean Palmer Alma Mediterranea Palma izango du, gaur egun hamazazpigarren postuan dagoena 4 garaipen eta 17 porrotekin. Alex Perezen taldea sailkapeneko azken postuetan dagoen taldeetako bat da, baina denboraldiko unerik onenean iritsiko da. Lolo Encinasek prentsaurrekoan ohartarazten zuen “bere unerik onenean dago. Taldea desberdina da, 90 puntura jokatzen ari dira eta hori jaitsi behar dugu. Errotazioa nahiko itxi dute eta gakoa bere jabetzako lehen 10 segundoak defendatzea izango da”.

Denboraldiaren azken txanpa bizia izango da, eta Lolok ohartarazi du “12 talde ari gara hor goian borrokan, 8 posturengatik, eta astero erokeria da, eta beheko taldeek ere dena dutela jokoan hortik ateratzeko”.