PAVEL SAVKOV LAGATUTA IRITSI DA GUUK GIPUZKOA BASKETERA

Gipuzkoa Basketek eta Baskoniak Pavel Savkoven lagapena adostu dute denboraldia amaitu arte. Savkov G-Leagueko Birmingham Squadron taldetik dator. Oso ezaguna da gipuzkoarren artean Juaristin jokatu zituen bi denboraldiengatik.

Savkov, 2002an jaioa, 21 urterekin denboraldi bat egin du ACBn Fuenlabradarekin eta minutuak izan ditu Baskoniako lehen taldean.

G-League-n ez du espero zuen protagonismoa izan, baina Juaristin eman zituen bi denboraldietan utzi zituen sentsazioak ezin hobeak izan ziren. Urola Bailaran jokatu zuen lehen denboraldian 12,8 puntu sartu zituen batez beste, eta erabakigarria izan zen Zilarrezko LEB Kopa eta Urrezko LEB Mailara igotzeko. Urrezko LEB mailako bere lehen esperientzian, Juaristirekin mailari eustea lortu zuen, 12 puntu baino gehiagoko batez bestekoa lortu zuen neurketako eta hiruko jaurtiketetan % 40 inguru sartu zituen. Bi denboraldi horietan Xubi eta Mikel Odriozolarekin batera aritu zen.

Bere etorrerarekin, Gipuzkoa Basketek talentu handiko jokalari bat sartuko du taldean, 3 eta 4ko posizioan joka dezakeena eta bere esku onari esker zelaia irekitzeko gai dena.

Pavel Savkov entrenamenduen dinamikan sartuko da gaurtik aurrera eta 66 zenbakia izango du. Datorren igandean egingo du debuta Menorcan. Zaleek martxoaren 8ra arte itxaron beharko dute Angulas Aguinaga Arenan motzez jantzita ikusteko.

Bestalde, Gipuzkoa Basketek eta Branislav Vujadinovicek akordioa lortu dute euren bideak banatzeko. Klubak jokalariak hilabete hauetan erakutsitako konpromisoa eta esfortzua eskertu nahi du.

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude