Igandean 17:00etan itzuliko gara Angulas Aguinaga Arenara, ligako hamabigarren jardunaldia jokatuko dugu etxean galdu gabe jarraitzeko helburuarekin. Aurrean, Leyma Coruña, denboraldi amaieran igotzeko borrokatzera deituta dagoen talde oso bat.
Diego Epifaniok entrenatutako taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago 7 garaipen eta 4 porroteko balantzearekin. Azken bi partidetan porrot egitetik datoz eta, beraz, gorriz markatuta izango dute Gipuzkoako partida. Talde galiziarrak lehen mailako jokalariak ditu, horien artean Goran Huskic eta Beka Burjanadze bezalako Gipuzkoa Basket ohiak nabarmentzen dira. Ingus Jakovics antolatzailea da Coruñako jokalaririk baloratuena. Letoniarrak batez beste 13 puntu, 5 asistentzia eta 15 puntuko balorazioa lortu ditu. Yunio Barueta eskolta amerikarra da taldeko saskiratzailerik onena, 14,5 puntu batez beste eta %45 hiruko jaurtiketetan.
Mikel Odriozolak aurkariari buruz hitz egin du prentsaurrekoan: “Oso talde ona da eta gainera bi partida jarraian galtzetik dator eta ez dut uste hirugarrena galdu nahi dutenik. Erasoan talentu handiko taldea da eta fisikoki oso gogorrak eta handiak dira. Gauza asko ondo egin beharko ditugu eta oso erritmo altuan jokatu”.
Logroñon garaipena lortu eta gero iritsiko da taldea, etxeko gisa galdu gabe jarraitzeko helburuarekin. Aitor Zubizarretak baja izaten jarraitzen du eta Sandi Marcius zalantza da aurreko astean orkatilan izan zuen bihurrituagatik.
Odriozola taldearen egoeraz: “Partida hauen ondoren beti daude gauzak. Sandirena ez da larria, baina ikusiko dugu iganderako egon daitekeen. Ivan ere minduta dago orkatilan kolpe bat jaso zuelako, baina iritsiko dela uste dugu. Aste arraroa izaten ari da zentzu horretan, baina EBAko mutilak entrenamenduetan laguntzen ari dira”.
Igandean 17:00etan, beraz, hitzordua Angulas Aguinaga Arenan. Abonatuen kanpainak martxan jarraitzen du eta sarrera ona espero da oraindik bazkide berriak egiten ari diren bitartean.
Halaber, «Zure laguntzarekin, asko dute ikasteko» lelopean, Gurutze Gorriak eta Gipuzkoa Basketek esfortzuak batuko dituzte Gabonetan inor jostailurik gabe gera ez dadin.
Emandako jostailuek berriak izan behar dute, ez sexistak eta ez belikoak. Angulas Aguinaga Arenako 2., 5. eta 11. ateetan entregatu ahal izango dira.
0 iruzkin