Pasa den ostiralean liderraren aurka irabazi ondoren, Angulas Aguinaga Arenara itzuli da saskibaloia. Alega Cantabria taldea bisitatuko gaitu. Taldea David Mangasek zuzentzen du eta taularen hamaikagarren postuan dago, sei garaipen eta zortzi porroteko balantzearekin.
Kantabriako taldean Mirza Bulic nabarmentzen da. Hegal-pibota da jokalaririk onena eta taldeko jokalaririk baloratuena, 15 puntu, 6 errebote eta 18,5eko balorazioa eginez partida bakoitzeko. Kanpotik, erasoko pisua Littleson eskolta amerikarrak eramaten du: 15 puntu ematen ditu norgehiagoka bakoitzeko, eta %45 hirukoetan.
Partidaren aurreko prentsaurrekoan, Mikel Odriozolak aurkariari buruz hau esan du: “Entrenatzaileak urte asko daramatza hor eta lan handia egiten ari da. Talentu handiko jokalariak dituzte. Jokalariak begiratzen dituzu eta foku asko dituzte, batez ere kanpokotik”.
Taldearen egoerari buruz esan du “zelako jarrerarekin atera behar dugun kantxara ez dago zalantzarik. Burgoseko partidagatik ez dut zirrara berezirik sentitu. Garrantzitsuena kontzentrazio ona izatea da”.
Joan den ostiralean, 3.000 pertsona inguru bildu ziren Angulas Aguinaga Arenan, eta orain arte denboraldiko sarrerarik onena izan da. Klubak ilusioa sortzen jarraitu nahi du Gipuzkoako saskibaloizale guztiengan, gero eta jende gehiago hurbildu dadin taldea animatzera.
Partidan, San Pablo Burgosen aurka bezala, outlet bat egongo da 10. atean, aurreko denboraldietako jantziekin, 10 euroko prezioan. Gipuzkoa Basketek, Naturklimarekin lankidetzan, iraunkortasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoaren emaitza da outlet hau.
0 iruzkin