PARTIDAREN AURRETIK 18. JARDUNALDIA | Bigarren itzulia ondo hastera

Ostiralean 20:45ean hasiko da Caceresen Guuk Gipuzkoa Basketen bigarren itzulia. Aurrean, Extremadurako taldea, ligako hamaseigarren postuan, 5 garaipen eta 12 porroteko balantzearekin. Sailkapeneko azken postuetan kokatu diren arren, etxekoak beti lehiatzen dira eta Coruña edo Betis bezalako taldeak mendean hartzea lortu dute.

Roberto Blancok entrenatutako taldean Gael Bonilla hegalekoa nabarmentzen da. Mexikarrak 10 puntu eta 6 errebote lortu ditu. Bonilla da Caceresen jokalari baloratuena eta Greg Gantt saskiratzaile onena. Eskolta amerikarrak 12 puntu egiten ditu batez beste, eta % 42 hirukoan.

Mikel Odriozolak partidaren aurreko prentsaurrekoan honakoa adierazi du: “Lehiatzen jarraitu nahi badugu, gauza asko hobetu behar ditugu, edo bestela ez dago zer eginik”.

Odriozolak azpimarratu duenez, “edozeinen aurka lehiatu gaitezkeela erakutsi dugu, baina edozeinen aurka gal daitekeela argi izan behar dugu”.

Bihar hasiko da bigarren itzulia eta Printzesa Kopako geldialdiaren aurreko jardunaldia izango da. Taldea Cáceresera joango da partida guztietan lehiatzen jarraitzeko asmoz eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko helburuarekin.

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude