Hiru garaipen jarraian lortu ondoren, asteazkenean, 12:30etan, taldeak bosgarren jardunaldia jokatuko du Real Betis Baloncesto taldearen aurka, denboraldi hasiera honetan lortutako sentsazio onei jarraipena emateko asmoarekin.
Tizona, Oviedo eta Fuenlabradaren aurkako garaipenen ondoren, Guuk Gipuzkoa Basketek bigarren aldiz jarraian jokatuko du ACBtik jaitsi berri den talde baten aurka, oraingoan Real Betis Baloncesto izango da aurkaria.
Javi Carrasco sevillarrak entrenatutako taldea garaipen bateko (aurreko jardunaldian Melillaren aurka lortutakoa) eta hiru porroteko (Leyma Coruña, Clavijo eta Estudiantesen aurka) balantzearekin iritsiko da. Hala ere, denboraldi hasierarekin zerikusi gutxi duen taldea da, irailaren erdialdetik zortzi fitxaketa berri egin baitituzte. “Gutaz esaten badugu eraikitzen ari den taldea garela, pentsa ba haiek”, horrela definitzen du Mikel Odriozolak Guadalquivirreko taldea, eta horren arabera, “min handia egin ahal dizun taldea da, talentu handia baitute, eta jada ez da liga 0-3 hasi den taldea”. Sevillako taldean Ismael Romero, Rihard Kuskis edo Nikola Racocevic bezalako jokalariak nabarmentzen dira.
Odriozolak ezin izango ditu erabili, ohi bezala, ez Aitor Zubizarreta (luzaroko lesioa du sorbaldan), ez Ander Martinez (ez da jokatzeko moduan egongo hurrengo asteetan, oinean lesioa duelako).
Asteazken honetakoarekin gipuzkoarrek Angulas Aguinaga Arenatik kanpo jokatuko duten hirugarren jardunaldia izango da, baina horrek ez du oztopo behar izango orain arte izan duen bolada onari eusteko, helburua sailkapeneko postu nagusietan mantentzea izanik. Jarrai dezagun ilusioarekin. Goazen Guuk Gipuzkoa Basket!
0 iruzkin