Gipuzkoa Basketek zuhaitz landaketa jardunaldi batean parte hartu du gaur Naturklima Fundazioarekin elkarlanean. Ekitaldian Chris Skladanowsky, Branislav Vujadinovic eta Mads Bonde Stürup jokalariek eta Mikel Odriozola entrenatzaileak hartu dute parte. Naturklimaren aldetik, David Zabala Fundazioko zuzendaria bertaratu da.
2022ko abuztuan, Naturklima Fundazioaren eta Gipuzkoa Basketen arteko lankidetza aitzindaria hasi zen, kirol-mundutik klima-aldaketaren aurkako borrokan mugarri izan zelarik. Hala, David Zabalak “Gipuzkoa Basketek biztanleria osoan ekintza iraunkorrak sustatzea eta herritarrek egin ditzaketen ohitura onak zabaltzea” dela helburua nabarmendu du. Gipuzkoa Basketek ingurumenarekin konprometitutako kluba dela erakutsi du, jokalariak ekintzetan ere sartuz. Josean Ibirikuk, Gipuzkoa Basketen izenean, ekintza hauen garrantzia gizartea kontzientziatzeko azpimarratu du eta hurrengoa ere esan du: “zorte handia dugu Gipuzkoan Naturklima bezalako fundazio guztiz ikusgarria dugulako, eta, beraz, erraza egiten zaigu haiekin lankidetzan aritzea”.
Ekimen asko egin dira azken hilabeteotan Naturklimarekin lankidetzan. Horren erakusgarri dira Angulas Aguinaga Arenan partida guztietan egindako jarduerak; izan ere, klub gonbidatuetako gazteek birziklatze-jokoetan parte hartzen dute tarteetan. Gainera, denboraldi honetan bazkide guztien txartelak biodegradagarriak dira. Aurreko denboraldian, erabat birziklatutako materialekin egindako merchandising lerro berritzaile bat ere abiarazi zen, eta bigarren eskuko azoka txiki bat antolatu zen.
Beraz, klubak ingurumenaren gainean duen eragina konpentsatzeko egindako beste ekitaldi bat izan da gaurkoa, klubak ingurumenarekiko duen konpromisoa azpimarratuz.
0 iruzkin