Asteazkenean partida Angulas Aguinaga Arenan

Guuk Gipuzkoa Basketek Alimerka Oviedo hartuko du asteazkenean 20:30ean sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko funtsezko partida batean. Javier Rodriguezek entrenatutako taldea hamabigarren postuan dago 11 garaipen eta 17 porroteko balantzearekin.

Oviedon Demetric Horton nabarmentzen da. Hegaleko amerikarrak arazo asko sortu zizkigun joaneko partidan eta 14 puntu eta 4 errebote lortzen ditu partidako. ACBn Gipuzkoa Basketekin debuta egin zuen Mikel Sanz donostiarra bere etxera itzuliko da.

Mikel Odriozolak partidaren aurreko prentsaurrekoan adierazi duenez, “denboraldiko puntu honetan irabazi egin behar da. Ez dugu kontzentrazioa galdu behar eta hurrengo partidan bakarrik pentsatu behar da, oraingoz ezin dugu haratago begiratu”.

Aurkariari buruz honakoa nabarmendu du: “Oso partida gogorra izango da, etxean irabaztetik eta konfiantzarekin datozelako. Lotsagabe etorriko dira, ez baitute ezer galtzeko”.

Odriozolak mezu bat utzi nahi izan die zaleei: “guk lurralde bat eta jende bat ordezkatzen dugu eta ahalegin handiena zor diegu. Asteazken batean kantxara etortzea ez da erraza eta haien alde dena eman behar dugu”.

Behin Play Offerako sailkapena matematikoki itxita, Guuk Gipuzkoa Basketek amets egiten jarraitu nahi du eta bere jendearekin egin nahi du. Abonatu guztiek beste pertsona bat gonbidatzeko aukera izango dute. Hau da, txartel bakoitzarekin bi pertsona sartu ahal izango dira.

0 iruzkin

Iruzkin bat bidali

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Eskatutako datuak markatuta daude