Igandean 12:30etan saskibaloia itzuliko da Angulas Aguinaga Arenara eta ekimen sorta batekin egingo du, ahalik eta girorik onena sortzeko eta horrela taldea garaipeneraino eramateko. Aurrean Melilla izango du, sailkapeneko hamabosgarren postuan dagoen taldea, 9 garaipen eta 17 porroteko balantzearekin.
Rafa Monclovak entrenatutako taldean Parker Van Dyke nabarmentzen da, eskolta amerikarrak 29 puntu sartu zituen joaneko partidan. Denboraldi osoan, 16,5 puntu batez beste, eta %40 hiruko jaurtiketetan. Barrutik, Mario Delas azkenengo bi denboraldietan bere etxea izan den honetara itzuliko da.
Mikel Odriozolak partidaren aurreko prentsaurrekoan azpimarratu duenez, “amorru puntu horrekin gaude oraindik, baina gogo handiarekin iritsiko gara igandera. Zortzi jardunaldi geratzen dira eta dena oso berdinduta dago, gu sailkapenaren goiko postuetan gaude eta egoera horretan egoteko lanean jarraitu nahi dugu”.
Aurkariari buruz, Odriozolak honakoa adierazi du: “Melilla ez da batere erraza izango. Jendea batu dute eta partida ona egiteko gaitasuna dute, baina guk aurrera atera behar dugu”.
Gipuzkoar, bizkaitar, arabar eta nafar federatu guztiek partidarako lau sarrera erosi ahal izango dituzte. Gainera, Ekopintxoak egongo dira Catering Gutizi eta Ameztoi Txakolindegiari esker. Azkenik, Gipuzkoa Basket 2+1 2024 Campusaren inskripzio eta informazio guneak egongo dira eskuragarri.
0 iruzkin