Saskibaloia itzuliko da Angulas Aguinaga Arenara eta partida bikaina ikusiko dugu. Igandean 18:00etan UEMC Real Valladoliden aurka jokatuko du taldeak. Valladolideko taldea sailkapeneko zazpigarren postuan dago 11 garaipen eta 7 porroteko balantzearekin.
Paco Gardarrek entrenatutako taldeak Final Fourra jokatu zuen pasa den denboraldian eta sailkapenean goiko postuetan egotera deituta dago. Devin Schmidt da taldearen kanpoko mehatxu nagusia. Eskolta amerikarrak 17,6 puntu egiten ditu batez beste norgehiagoka bakoitzeko, eta %40 hiruko jaurtiketetan. Txapelketako bigarren saskiratzailerik onena da. Barrutik Lotanna Nwogbo nabarmentzen da. Nigeriako pibotak batez beste 10 puntu, 4 errebote eta 10 puntuko balorazioa lortu ditu partidako. Valladolidek ezin izango du Mike Torres erabili lesionatuta dagoelako.
Partidari buruz Mikel Odriozolak honakoa adierazi du: ”
Oso partida gogorra eta lehiatua izango da. Irabazi egin nahi digute eta guk etxean indartsu egin behar dugu. Oso partida fisikoa izango da, eta lan-jantzia jarri beharko dugu partida hau irabazteko”.
Odriozolak azpimarratu nahi izan du taldeak “hobetzeko aldea daukagu oraindik, eta horretan baikorrak izan behar dugu. Jarrera hori izan behar dugu, eta ez gara konformatu behar”.
Azken partidetan bezala, giro bikaina espero da Angulas Aguinaga Arenan. Bigarren itzuliko abonatuen kanpainak martxan jarraitzen du eta hurrengo 3 partidetarako sarreren pack bat eros daiteke 25 euroren truke.
0 iruzkin