Partida ikusgarria ostiralean, 21:00etan, Burgosen, Grupo Ureta Tizonaren aurka, Urrezko LEB ligako hogeigarren jardunaldiari dagokiona. Tizona sailkapeneko bosgarren postuan dago, 13 garaipen eta 6 porroteko balantzearekin.
Diego Ocampok zuzentzen duen taldean Joe Cremo eskolta nabarmentzen da. Amerikarrak ia 12 puntu lortzen ditu, eta % 45etik gorako portzentaia hirukoetan. Jacobo Díaz, Jofresa edo Vilá bezalako jokalariek oso ondo laguntzen diote Cremori, esperientzia baitute eta Burgosko taldeari sendotasun handia ematen baitiote. Azken asteetan Didac Cuevasen baja izan da, baina bere ordezkoa, Saint-Supéry, ondo ari da. Pasa den astean bere debutean 14 puntu sartu zituen 15 minututan.
Partidaren aurreko prentsaurrekoan, Mikel Odriozolak honako hau adierazi du partidari buruz: “Niretzat geratzen zaigun partidarik zailenetako bat da. Oso kontziente izan behar dugu nora goazen eta zer espero dezakegun”.
Era berean, aurkariari buruz zera esan du: “100 puntutik gora joan dira hainbat partidetan, eta hori egitea oso zaila da. Merezi dutelako daude hor, diren taldea direlako. Erakusten ari dira goian egongo direla eta denoi bizitza zailduko digutela”.
Guuk Gipuzkoa Basket azken zazpi partidetatik sei irabaztetik dator. Plantion, berriz, Coruñak eta Lleidak bakarrik irabazi dute. Taldea Burgosera joango da garaipenekin jarraitzeko asmoarekin eta sailkapenean goiko postuetan jarraitu ahal izateko.
0 iruzkin